XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

25. EGUNKARIAk ez dio eraso egiten pertsonaren intimitate eskubideari.

Intimitatearen eta bizitza pribatuaren inguruko informazioa ez da albiste, eta ezin daiteke argitara eman pertsona jakin horren baimenik gabe.

Bizitza pribatuko gertakariek edo datuek bizitza publikoan benetako eragina eta garrantzia izan dezaketenean, orduan badira albiste, eta baimen zehatzik ez da behar.

Beti ere, pertsonen bizitza publikoa da egunkariaren informazio-ardatza, ez bizitza pribatua.

Bizitza pribatuko datu guztiak ez dira maila berekoak.

Politikari bat ezkondua dela eta hiru seme-alaba dituela idaztea ez da intimititatea bortxatzea; datu jakingarri bat aipatzea besterik ez da hori.

Ordea, beste muturrera joanik, ezin da inoiz pertsona jakin baten telefono partikularrik eman albiste batean.

26. Pertsona baten heriotzaren zergatia kontu handiz tratatzeko datua da.

Familiak, ingurukoek, edo hil den pertsonak berak, bere azken egunetan erakutsitako jarrera edo borondateagatik, nahiago izan lezakete zergati konkretu horien berri ez ematea.

Intimitateari dagozkion datuak dira horiek, eta hortaz, ez badute bizitza publikoan eraginik, ez dira albiste.

Suizidio kasuak dira heriotza guztien artean kontu handiena eskatzen dutenak.

Pertsonaia publiko ez diren pertsonen kasuan, ez dago motiborik suizidio baten berri emateko.

Halako gertakari bat kalean jazo denean ere, suizidioa aipatzea baino, beti da hobe ezbeharra deskribatzea.

Suizida anonimo batek idatzitako azken oharra ere ez da, berez, pisuzko datua era honetako albiste batean.

Bestelakoa litzateke pertsonaia publiko baten suizidioaren kasua.

Bere buruaz beste egin duela frogatuta badago, hori albiste izan liteke.

Nolanahi ere, arreta bereziarekin zaintzeko albistea da.

27. Intimitatearen eta heriotzaren zergatiaren inguruko albisteetan erabateko zuhurtzia behar da, batez ere, Euskal Herrian bizi diren pertsonen kasuan.

28. Mesede ekonomikoengatik eta opari diren gauzengatik (bidaia ordainduak, material sortak...) ordaina espero izaten da batzuetan.

Horren gainetik, informazioa modu independentean ematen jakin behar du kazetariak.

Okerrak eta zuzenketak

29. Okerrak gerta litezke beti lanean.

Bai nahi gabekoak, bai gauzak behar bezala egin ez izanaren ondorio izan daitezkeenak.

Okerrak zuzentzeko beharra EGUNKARIArena da lehenengo eta behin.